2007-06-07

Sozializazio prozesu desberdinak, sexuaren arabera



Emakumeak eta gizonezkoak sozializazio prozesu desberdina bizi izan dugu. Bertan pentsatzeko, harremanak izateko, dibertitzeko, sentitzeko eta lan egiteko modu batzuk eskuratuz joan gara, hau da, munduan izateko, bizitzeko modu orokor batzuk. Hauek, prozesu honen faktore batzuen eraginpean eraman gaituzten gaur egun emakumeen eta gizonen kloektiboek esperientzia historiko oso desberdina izatera.

Kulturatzat ulertuz, herri baten, giza-talde baten edo garai baten ezagupen multzoa, garapen maila, esperientzia kolektiboa, izateko modu orokorrak, baiezta dezakegu emakumeen eta gizonen kolektiboek bizi izandako esperientzia desberdin hori bi kultura izatera iritsi dela: femeninoa eta maskulinoa, hain zuzen ere.

Gizakiok, sexuari begiratuta, emakumezkoak eta gizonezkoak garela jakin badakigu eta bizi izan dugun sozializazio prozesuaren arabera kultura femeninokoak ala maskulinokoak gara. Sexua naturala da, kultura eskuratzen dena.

Egitura sexista den gizarte honetan, emakumeei esleitu zaizkie rol, lan, funtzio, balore, etab. batzuk, "genero femeninoa" definituko dutenak eta gizonezkoei berriz, beste rol, lan, funztio, balore etab. batzuk, "genero maskulinoa" definituko dutenak.

No hay comentarios: